XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pedro Subijana: Mundu osoko hoberenekin lehia gaitezke

Pedro Subijana ETB2ko Menú del día saioko aurkezleak urte asko daramatza sukaldaritza munduan.

Luis Irizarren aginduetara sukaldaritzaren sekretuak ikasten hasi zenean Karlos Argiñanorekin batera, ezin zuen imajinatu ere egin etorkizunean bere ametsak gauzatu egingo zirenik.

EGUNKARIA. - Zergatik lortu dute gastronomi saioek halako arrakasta?

SUBIJANA. - Nere ustez ez da inongo arrazoirengatik izan.

Gauza da, Euskal Herrian betitik gastronomiak eta sukaldaritzak garrantzia handia izan dutela da.

Horregatik arraroa izango zena sukaldaritza saiorik ez izatea da.

Sukaldaritzaren kultura badagoela esango nuke.

EGUNKARIA. - Jendeak elikaduraz gehiago arduratzen delako izan daiteke ere?

SUBIJANA. - Bai.

Jendea jaten duenaz eta nola jaten duenaz arduratzen da.

Oreka janarietan, produktu egokiak jatea, ongi informatuta egotea oso garrantzitsua da.

Baina garrantzitsuena zera da, jendeari sukaldean erakustea, sukaldaritzak sor dezakeen plazerra erakustea jendeari.

EGUNKARIA. - Telebistan zabiltzaten sukaldariak euskaldunak zarete.

Zer dute euskal sukaldariek besteek ez dutena?

SUBIJANA. - Gauza asko.

Alde batetik, halako herri batean bizitzeko zortea eta pribilegioa daukagu.

Munduko hoberenekin lehia gaitezke, ditugun gastronomia eta produktuekin.

Horregatik sukaldariak ere errazago sortzen dira, jendeak interesa jartzen duelako.

Odolean dugun zerbait da.

Gastronomi kulturan maila altua dago Euskal Herrian.

EGUNKARIA. - Ongi jatea garestia al da?

SUBIJANA. - Maila batean, zerbitzu jakin batzuk eskaintzen dituen jatetxe batean jatea garestia izan daiteke.

Baina gezurra da Euskal Herrian ongi jatea garestia denik.

Produktu garestiak ez erabiltzean merke jan daiteke.

Adibidez ongi prestatutako txitxarro bat bisigu bat baino goxoagoa da niretzat, eta prezioan alde handia dago.

EGUNKARIA. - Askotan zaila gertatuko da plater bat nola egiten den erakustea, ezta?

SUBIJANA. - Bai.

Batzuetan zaila izaten jakitea zer agertu behar duzun eta zer ez.

Sukaldariek askotan hitz edota egiteko modu batzuk erabiltzen ditugu jendeak badakiela pentsatuz, gu ohituta gaudelako horiek erabiltzen.

Baina askotan kaleko jendeak ez ditu ulertzen eta horregatik eskertzen dizute ongi azaldu eta agertzen duzunean.